Bidesari alkarteko kideek lagun egiten deutsie aldaketa-prozesuari ekin deutsen personei. “Taldean egiten doguz jarduerak. Araba eta Basauriko zentroetako mutilak ateraten dira. Tratamentuari ekin deutsen personek drogen kontsumotik aldendutako bizimodua izatea da helburua. Beste aukera batzuk bilatu persona honeentzat, aisialdiko hainbat jardueraren bitartez”. Hain zuzen be datorren asteburuan, uztailak 22-24, urteera barria egingo dabe Ziortzara. Badira hamahiru urte egitasmoa garatzen hasi ziranetik. “Ondo antolatuta dago eta primerako giroa”, nabarmentzen dabe antolatzaileek.
Asteburu arrunt batean, gehienez zortzi lagunek parte harten dabe 2. edo 3. gradukoak- eta beti izaten da kultura kutsuko (museoa, bisita gidatua…) jardueraren bat, ariketa fisikoa eta, normalean, domeketan, hausnarketarako eta erlaxazioarako egokia dan paseoren bat egiten dabe. Eta dana boluntarioen laguntzagaz.
2015eko oroitza-txostena
Era berean, Bidesari alkarteak 2015eko oroitza-txostena aurkeztu barri dau, ekitaldi horretako jarduera guztiak jasoz. Gizarte baterketa larria jasaten daben ehun eta hirurogeta hemerezi laguni eskaini deutse arreta Araba eta Basauriko kartzeletan. Horreetatik ehuni akonpainamentua egin jake hezkuntzarako pisu batean urte osoan zehar. Pisuetan onartu izan dabez, gainera, asteburuko baimena eben presoak; kartzela barruak motibazinorako taldeak suspertu dabez etorkinakaz eta gizarte-kultura animazinoan jardun izan dabe kartzelan, Kartzela Pastoraltzari laguntasuna emonez dalako egitarau hori garatu ahal izateko.
Gainera, kartzelatik kanpo, makina bat jarduera garatu izan dau biderapen eta aholkularitzaren arloan, normalizazinoari eta gizarteratzeari begira eta boluntarioen heziketa eta sustapenerako.