Lanbide Heziketako zuzendari txiletarrek elizbarrutiko ikastetxeak bisitatuko dabez

     Javi Laiseka Otxarkoaga Ikastegiko zuzendaria jarri da bost zuzendariokin hartuemonetan: Héctor Gómez (IEReko zuzendari exekutiboa), Pablo Saini (IEReko heziketa zuzendaria), David Vera (‘Nueva Imperial’ Industria Lizeoko zuzendaria), Jorge Parra (Angoleko Industria Lizeoko zuzendaria) eta Samuel Godoy (Curacautíneko Lizeo Politeknikoko zuzendaria). Bisita honetan, Euskal Herriko hezkuntza sistema ezagutuko dabe eta baita Elizbarrutiko ikastetxeen kudeaketa ere, batez ere mekanika eta automobilgintza arloa, berezitasun honeek lantzen dabezan Otxarkoaga, Zulaibar eta Somorrostro ikastegiak bisitatuz.

     Orain dala zazpi urte sinatu eban IERek hitzarmena Bilboko Elizbarrutiagaz, orduan koloka egozan Txileko ikastegi profesionalei laguntzeko eta aurten bertan barritu izan da akordio hori. Gaur egun 19 zentrok osotzen daben IER egitasmoa elizatik hurbil dago eta ingururik kaltetuenetan emoten ditu eskolak. Hasieran nekazaritza eta arrantza arloko irakaskuntzak emoten ebezan, baina azkenaldian sektore industriala landu gura dabe.

     2004. urtean elizbarrutiko ikastetxeetako zuzendari batzuk Txilera joan ziran hango egoerea ezagutzeko, eta egoera larri samarra antzeman eben. Handik urte bira bueltatu ziran eta zera ikusi eben: hainbat neurri barri ezarri ebela eta hori ikastegien onerako izan zala eta gora egin ebala ikasleen kopuru eta espezializazinoak.