Zer dira ‘Jaunaren Eguneko abade bako ospakizunak’?
Domekero, eukaristiarik egon ez arren, Jaunaren deiari erantzunez batzen dan kristau alkartearen jarduera liturgikoa da. Liturgi jarduera hau Eliza unibertsalak egiten dauan azpimarra gauzatzea da: kristau alkartea batzeak, kristau alkarteak Berbea entzuteak eta azken eukaristian kontsakratutako ogian pate izateak dauan garrantzia.
Non egiten dira?
Bizkaian 20 urte daroaguz; Arratian eta Karrantzan ekin geuntson ibilbide honi eta, harrezkero hainbat lekutan hasi dira honako ospakizunak egiten: Gernika eta Mungialdean, Oiz-Anboton, Galdakaon, Ugao-Orozkon, Txorierrin, Meatze inguruan eta Sodupen, Güeñes eta Alonsotegin, beti ere, pastoral beharrizanaren arabera eta Eukaristiari lehentasuna emonez, domekearen osotasun lez eta horren zain ospakizun honeek eginez. Gaur egun, 130 lagun inguruk laguntzen dau ospakizun honeetan. Gainera, beste leku batzuetan, esate baterako Lea-Artibai eta Uribe Kostan, hasierako etapan dagoz.
Zer eskeintzen deutso esperientzia honek elizbarrutiari?
Alde batetik, gero eta abade gitxiago egotean, alkarte guztietan egotea ezinezkoa danez, kristinauok geure alkarte izateak, geure Eliz izateaz jabetu behar dogu. Gainera era honetako ospakizunak egiteko, antolatu beharra dago, batu, eta bakoitzak bere esku dagoana eskaini behar dau. Alkarteko kidetasun senean sakontzen laguntzen deusku. Beste alde batetik, barritasuna dakar: diakono, moja eta laikoek sustatutako jarduera liturgikoa da. Eta laiko horeen %95a emakumeak izatea ere barritasuna da, irudi aldaketa garrantzitsua kristau alkartean.
Pastoral erabarritzean ere eragina izan beharko leuke, ezinbestekoa dalako PB bakoitzeko ospakizun mapa, lehen aitatu dodan Eukaristiaren nagusitasuna eta abade bako ospakizunak bermatzeko.
Zelan ikusten dira ospakizunok alkarteetan eta ospakizunera noizean behin doazanen aldetik?
Ohikoenei dagokienez, ospakizunon bizipena era batekoa edo bestekoa izango da, aurretik bizi izandako Eukaristiari buruzko katekesi prozesuaren eta pastoral erizpideak aurkezteko erabilitako pedagogiaren arabera. Barritasun positibo lez bizi da, eta ez da aurkakotasunik izaten. Domekako ospakizunera hain sarri joaten ez diranentzat ere gauza harrigarri eta barria da eta, gehienetan, positiboa, alkartea Jaunaren Egunean batzea ahalbideratzen daualako. Horixe esaten deuskue ospakizunok sustatzeaz arduratzen garanoi.
Zein da ospakizun honeen sustatzeaz arduratzen diran pertsonen perfila?
Perfila plurala da, gure alkarteak pluralak diran lez. Lehenengo aniztasuna, kokapenak berak emoten dau. Arratia ingurukoa izateak edo Enkarterrietakoa izateak aldeak dakaz. Adinak ere bai, gure kasuan, 50 eta 70 urte bitarteko jentea dalarik. Eta, azkenik, pertsona bakoitzaren bizitzako ibilbideak, bere heziketeak, lanbideak, esperientzia desberdinek, eragiten dabe aniztasun hori.
Hala ere, bat datoz nortasunean eta leku jakin bateko, alkarte jakin bateko, Elizako kidetasun senean.
Noiz hasten da alkarte bat domeketan honako ospakizuna egiteko aukerea aztertzen?
Prozesua, ekipo ministerialean edo abadeen ekipoan pastoral barrutiko parroki alkarteetako eukaristiaren ospakizunen egoereari buruz egiten dan hausnarketagaz hasten da. Abade bako ospakizunak egiten hastea beharrezkotzat joten bada, Liturgiarako Elizbarrutiko Ordezkaritzara deitu daiteke, prozesua martxan jarri dagigun.
Eta kasu horretan, ze urrats emon behar dau abade bako ospakizunak egiteko preminea dauan alkarteak?
Lehenengo eta behin, garrantzitsua da erabagi hori oinarritzen daben pastoral erizpideak zehaztea. Gainera, ezinbestekoa da alkarteari katekesi egokia emotea Eukaristiari buruz eta abade bako ospakizunen zergaitiari buruz, zentzunez eta positiboki onartu dagiezan. Nahitaezkoa da, aldi berean, alkartea sentsibilizatzea eta alkarteari honako hau nabarmentzea: guztion ardurea dala, bakoitzak ahal dauana emonez, erabagi hau aurrera eroatea. Alkarteko kideen prestasuna “arakatu” ondoren, egutegia ezarri beharko da, esperientzia nork bere egiteko, ebaluatzeko, egokitzeko… Beti ere, urratsak batera emonez Pastoral Barrutian, erritmo desbardin barik.
Ze baliabide dauka egoera honetan dagoan alkarteak?
Lehenengo, ordezkaritzatik emon deikiegun laguntzagaz. Gainera, domeka bakoitzerako agiri, lagungarri eta baliabideak daukez elizbarrutiko web orrialdean eta lurraldean abadeen laguntza eta koordinazinoa izan beharko leukee, honeek ere, arduradunekin batera, esperientzia hau martxan jarteko eta eusteko urratsak emon beharko dabezalarik.