"Paul Enea"-k orain hogetabost urte hartu ebazan lehenengo erabiltzaileak. Gizakia Helburu fundazinoak mende laureneko ospakizun ekitaldiakaz jarraitzen dau. Lehenengoa, bagilean ospatu eben, Portugaleteko ibaian traineruen estropadea egin zan orduan.
Gordexolako Alkarte Terapeutikoan Bizkaia osoko berrogei erabiltzaile dagoz gaur egun. Esker oneko ekitaldian eurakaz batera, sendikoak, eta etxean beharrean dagozan terapeutak zein lehenago egondakoak be batu dira. Horrez ganera, ehun bat boluntario inguruk emoten deutsie laguntzea egoitzeari eta euren arteko asko izan dira jaialdian.
Ospakizunean, On Mario Iceta Bilboko Gotzain hautatua eta erakundeetako ordezkariak eta politikariak be egon dira.
Estibaliz Barrón Fundazinoko programen zuzendariak 25 urteotako ibilpidea gogoratu dau azpimarratuz "hasierak ez zirala errezak izan. Sasoi hartan, drogomenpekotasunen munduan dana egoan egiteko eta krisialdi ekonomiko larria egoan. Aurrerago, IHESa agertu zan eta gizarteak gaixoak alboratu ebazan". Arazoak arazo, "Gizakia Helburu"-k laguntzea emon eutsien eta ordutik 8.000 lagunek eskatu dabe informazinoa eta honeen arteko 5.000 baino gehiago sartu dira erakundearen programa terapeutikoetan.
On Mario Icetak boluntarioen eta Karitateko Alaben laguntzea azpimarratu dau, bai eraikina ixterakoan zein alkarteagaz gaur egunean be daukien harremanean be. Bilboko Gotzain hautatuaren esanetan "orain 25 urte hasitako zerbitzu eta konpromisoaren espiritua berreskuratzeko batu gara".